• Doakoa eta publikoari irekia den Opengune eremuak inoiz baino jarduera gehiago eskainiko ditu aurten, eta 15.000 metro koadro dituen BECeko hirugarren pabilioian ezarriko da lehen aldiz. Gune berrian dozenaka hitzaldi eta tailer burutuko dira, eta jokoen, hardwarearen eta droneen eremua kokatuko da bertan, baita pasa den maiatzean martxan jarri zen Gamegune 18 bideo-joko txapelketaren final handia jokatu ere
• Uztailaren 26tik 29ra Barakaldoko BECen burutuko den informatika gaietako profesionalen eta zaleen euskal topaketak 5.024 ordenagailu-postu eskaini eta milaka bisitari jasoko ditu. Segundoko 60 gigabiteko Internet-konexio abiadurarekin, inoiz baino Euskal Encounter azkarragoa izango da aurtengoa, eta Estatuko bizkorrena
• Milioika jarraitzaile eta ikusle dituzten Rodrigo Septién, Alvaro Pascual, José Luis Crespo eta Xuri Fenton youtuberrek publikoari irekiak izango diren doako hitzaldiak eskainiko dituzte zientziaren eta artearen dibulgazioaren inguruan. Gainera, mahai-inguruan bilduko dira ikus-entzunezko plataforma berrien edukiei buruz gogoeta egiteko
Estatuko party zaharrena eta handiena izateaz gain, historiako Euskal Encounter azkarrena burutuko da aurten, Interneterako konexio abiadura segundoko 60 gigabitekoa izango baita lehen aldiz, iazkoa baino 20 gigabit bizkorragoa. Hazkunde nabarmen horri esker, Estatuko topaketa azkarrena da euskal partya, eta munduko ekimen bizkorrenen artean kokatuko da aurten. Horrez gain, doakoa eta publikoari irekia den Opengune eremuak inoiz baino jarduera gehiago eskainiko ditu eta 15.000 metro koadro dituen BECeko hirugarren pabilioian ezarriko da lehen aldiz.
Modu horretan, Euskal Encounterrera gerturatzen diren milaka bisitariek inoiz baino ekimen gehiagotan parte hartu ahal izango dute: dozenaka hitzaldi eta tailer; prestakuntzarako, txapelketetan esku hartzeko zein lasterketetan aritzeko jokoen, hardware arloko ekintzen eta droneen guneak; robotikan hastapenak egiteko, errealitate birtualeko joko ikusgarriekin jokatzeko zein 3D inprimagailuen gunean diseinuak inprimatzeko aukera ere izango dute bertaratuek, baita atsedenerako eta aisialdirako zonetan egoteko zein standetan informatika produktuak erosteko parada ere. Gainera, hau guztia gutxi izango balitz, pasa den maiatzean martxan jarri zen eta diru-saritan 16.000 euro banatuko dituen Gamegune 18 bideo-joko txapelketaren final handia ikusteko aukera izango dute bisitariek.
Eskaintza zabal horri esker, Estatuko topaketa jendetsuena izango da euskal partya. Honela, uztailaren 26tik 29ra burutuko den hitzorduak 5.024 ordenagailu-postu eskainiko ditu, eta zazpi futbol zelairen baliokide diren 50.600 metro koadro beteko dituzten milaka bisitari bilduko ditu.
Hizlari famatuak
Openguneak doakoak eta irekiak izango diren hitzaldi erakargarri ugari eskainiko ditu, gai anitzen inguruan. Hizketaldi nabarmenen artean, zibersegurtasunari eskainitakoak egongo dira. Izan ere, Euskal Encounterren aurtengo leloari helduz, ‘Security Awareness’ edo ‘Segurtasunari buruz kontzientziatzen’, arriskuaren prebentzioak garrantzia berezia izango du hainbat aurkezpenetan: Gaptain enpresak irakasleei, ikasleei zein enpresei zuzendutako hitzaldian, teknologia berriak arriskurik gabe nola erabili azalduko du. Bestalde, industria-enpresetan teknologia babesteko jarraibideak nola ezarri ere aztergai izango da, eta sare sozialetan arrisku egoeretan iristen zaigun informazioa egiaztatzearen garrantzia azpimarratzen duen lantzen duen hitzaldia ere izango da.
Era berean, Opengunera gerturatzen direnek Estatuko youtuber famatuenen artean dauden Rodrigo Septién, Alvaro Pascual, José Luis Crespo eta Xuri Fenton ikusteko aukera izango dute. Milioika jarraitzaile eta ikusle dituzten youtuberrek publikoari irekiak izango diren doako hitzaldiak eskainiko dituzte zientziaren eta artearen dibulgazioaren inguruan. Gainera, mahai-inguruan bilduko dira ikus-entzunezko plataforma berrien edukiei buruzko gogoeta egiteko.
Ezinbesteko hitzorduen artean, mundu osoan ezaguna den Sophie Labelle artista eta aktibista transexualari ongietorria egingo dio partyak ostiralean. ‘Assigned Male’ web-komikiaren egileak unibertsitateetan, ikastetxeetan eta haurtzaindegietan erabiltzen diren eleberriak eta haurrentzako ipuinak ere idatzi ditu, eta Euskal Encounterren emango duen hitzaldian, transexualitateak Interneten duen ikusgaitasunaren garrantziaz arituko da.
Gizarte-sentsibilizazioaren ildo berean, Alexander Rodríguez hezitzaile eta orientatzaileak ikastetxeetan homofobia gainditzeko helburua duen ‘De Fobos y Deimos’ bideo-jokoaren inguruko tailerra emango du. Hizlariak LGTBI pertsonaiak nola sortu eta pertsonaia horiek jokoetan naturaltasunez nola txertatu azalduko du.