Zibersegurtasuna izango da Euskal Encounter jendetsuenaren gai nagusia

  • Uztailaren 26 eta 29 artean gauzatuko den informatika eta teknologia berrien topaketan, internetera segundoko 60 gigabiteko abiaduran konektatuko diren 5.024 ordenagailu-postu, 8.000 parte-hartzaile baino gehiago eta milaka bisitari egongo dira

 

  •  Nerea Lupardok, Euskalteleko Harreman Instituzionalen zuzendari eta Euskaltel Konekta Fundazioko arduradunak, adierazi du Euskal Encounter buru duen ordenagailu topaketen sareak, duela gutxi Galiziaraino iritsi denak, 40.000 parte-hartzaile baino gehiago biltzen dituela urtero

 

  •  Publiko orokorrari irekitako doako zonaren, Opengun deritzonaren, hainbat sorpresa aurreratu ditu Euskaltel Konekta Fundazioko gerente eta Euskal Encounterren antolatzaile Sabino San Vicentek: telesailen zaleek Netflix-eko stand ikusgarri batez gozatuko dute eta Etxanobe jatetxeko Fernando Canalesek Euskal Encounterren inspiratutako plater bat aurkeztuko du: "hiru dimentsioko dastamen esperientzia"

 

 

Informatika eta teknologia berrien Estatuko topaketa handienak interneteko konexio-abiadura ikaragarria eskainiko du aurten, Estatuko gainerako partyetan baino askoz ere azkarragoa. Egitarau aldetik ere, marka berria hautsiko du internet zaleen bilkurak, inoiz baino jarduera gehiago antolatu baitituzte. Horrela azaldu dute ekimenaren antolatzaileek gaur goizean, Bilboko Azkuna Zentroan burututako prentsaurrekoan.

Uztailaren 26tik 29ra Barakaldoko BECen gauzatuko den euskal topaketaren zifrak honakoak dira: sarera segundoko 60 gigabiteko abiaduran konektatuko diren 5.024 ordenagailu-postu egongo dira (iaz baino 20 Gb/s gehiago), eta 8.000 parte-hartzaile eta milaka bisitari bilduko dituen 50.600 metro koadroko espazioa hartuko du partyak, zazpi futbol zelairen pareko tamaina. Etenik gabeko lau egunetan zehar, milaka pertsona elkarrekin biziko dira Euskal Encounterren bikain pasatzeko, lehiatzeko eta ezagutzak elkarbanatzeko helburuarekin, software librean, arte digitalean, bideo-jokoetan edo hardwarean murgilduta.

Euskalteleko Harreman Instituzionalen zuzendari eta Euskaltel Konekta Fundazioko arduradun Nerea Lupardok azpimarratu duenez, zifra ikusgarrietatik eta konexio-abiadura nahiz hedadura marka berrietatik harago, "teknologia zabaldu eta dibulgatzeko esfortzua" da euskal bilkuraren ezaugarri aipagarriena. Horrez gain, adierazi du Euskaltelek sustatutako ordenagailu topaketen sareak, duela gutxi Galiziaraino iritsi denak, 40.000 parte-hartzaile baino gehiago biltzen dituela urtero. Euskal Encounter, Gipuzkoa Encounter eta Araba Encounter ekimenekin bat egin zuten iaz Galiziako Technium eta XGN-R topaketek. Guztien artean, 40.000 parte-hartzaile baino gehiago elkartzen dituzte urtero.
SPRI taldeko Teknologia eta Berrikuntza zuzendari Aitor Cobanerak aitortu du "Estatuko bilkura azkarrena den eta parte-hartze eskaera handiena duen hau babesteaz harro" dagoela. Eusko Jaurlaritzak segurtasun informatikoarekin duen konpromisoa nabarmendu du Cobanerak, Zibersegurtasunaren Euskal Zentroa sortu berri baitute. Eta horrekin lotura, halaber, gaiaren inguruko zenbait hitzaldi eta tailer eskainiko dituzte Euskal Encounterren, 'Security Awareness' leloa baitarama aurtengo edizioak. Cobaneraren hitzetan, "zibersegurtasuna oinarrizkoa da enpresen digitalizazio prozesuan", eta hortaz, partyaren inguruan sortzen diren enpresa-ekimenak gaiaren gaineko aholkularitza eskatzera animatu ditu.

Azkenik, Euskaltel Konekta Fundazioko gerente eta Euskal Encounterren antolatzaile Sabino San Vicentek nabarmendu du topaketa honek urte askotako "esperientzia eta eskarmentua" biltzen dituela, eta, "alde handiarekin, Estatuko topaketa teknologiko jendetsuena eta azkarrena" izaten jarraitzen duela.

Opengune berria


San Vicentek aitortu duenez, 25. urteurrenak arrakasta handia izan bazuen ere, “26. Euskal Encounterrak aurreko urteetako lorpenak gainditu ditu”. Horrez gain, Opengunek inoiz baino garrantzia eta leku gehiago izango duela gaineratu du antolatzaileak, BECaren hirugarren pabilioira zabaldu eta 15.000 metro koadro hartuko baititu.

Doakoa eta publikoari irekia den eremuan 50 hitzaldi eta tailer inguru burutuko dira, eta “teknologia probatu eta ukitzeko stand-ak” kokatuko dira bertan, telesailen jarraitzaileen interesa piztuko duen Netflix kateko stand-a barne. Espero diren sorpresen artean, San Vicentek Etxanobe Jatetxeko Fernando Canales sukaldariak “Euskal Encounterren oinarritutako teknologia eta sukaldaritza uztartzen dituen platera” sortu duela azaldu du, “hiru dimentsioko dastamen-esperientzia” eskaintzeko helburuarekin. Berrikuntza horiez gain, “iazkoa baino osatuagoa” egongo den zirkuituan, droneen lasterketez gozatu ahal izango dute bisitariek, baita pasa den martxoan martxan jarri zen Gamegune 18 bideo-jokoen txapelketa amateurraren final handia ikusi ere.

Bestalde, software librea, jokoak, hardwarea eta arte digitala bezalako arloak landuko dituen parte-hartzaileentzako eremua ere “hazi egin da eta inoiz baino eskaintza zabalagoa izango du”. Dozenaka jarduera erakargarriren artean, 38 bideo-joko txapelketatan eta hardwarearekin erlazionaturiko 12 jardueratan parte hartu ahal izango dute, etenik gabeko lau egun hauetan, Euskal Encounterren “ezagutzak elkarbanatu, elkarrekin egon eta proiektuak sortzeko” elkartuko diren milaka pertsonek.

 

Antolatzailea

Euskaltel Konekta

Kudeatzailea:

Euskalamiga Elkartea

Ahotsa:

943-533696 (9:00-13:30 eta 15:30-19:30 CET, astelehenetik ostegunera eta 9:00-13:30 ostiraletan)

Faxa:

943-533697

IRC auzo ofizialak:

IRC-Hispano
#euskal
QuakeNet
#euskal

Edozein galdererako:

olatz@euskalencounter.org

Prentsa arduraduna:

Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 609 12 16 66
E-mail: press@euskalencounter.org

 

Lokalizazioa

twitter facebook flickr youtube instagram twitch