- Barakaldoko Bilbao Exhibition Center (BEC) izango da gaurtik igandera Euskal Encounterren egoitza. Estatuko informatika eta teknologia berrien topaketarik zaharrena eta jendetsuena den honek segundoko 60 gigabiteko Interneterako konexio-abiadura izango du aurten, historiako handiena eta euskal partya Europako egitasmo bizkorrenen artean kokatzen duen zifra
- Euskaltel Taldeko kontseilari delegatu Francisco Arteche milaka pertsona bilduko dituen eta zazpi futbol zelairen adinako eremua beteko duen “errekorreko Euskal Encounter” honen antolakuntzaz harro agertu da
- SPRI taldeko Teknologia eta Berrikuntza saileko zuzendari Aitor Cobanerak Eusko Jaurlaritzak zibersegurtasunarekin duen konpromisoa azpimarratu du, euskal makro-ekitaldiaren aurtengo leloarekin bat eginez
Indar handiz hasi da aurtengo Euskal Encounterra, inoiz baino azkarragoa eta handiagoa izango den topaketa. Lau egunetan zehar, informatika gaien profesionalak eta zaleak bilduko dituen eszenatokia izango da BECa. Bertaratuko diren milaka pertsonek, eta aurreikusten diren 8.000 parte-hartzaileak, ikasteko, ezagutzak partekatzeko, ongi pasatzeko eta azken teknologia berrikuntzak ezagutzeko aukera izango dute sekula baino jarduera gehiago eskainiko dituen euskal festan.
Estatuko ondenagailu-topaketa zaharrena eta jendetsuena den honek segundoko 60 gigabiteko Interneterako konexio-abiadura eskainiko du Euskaltelen sareari esker, Euskal Encounter Europako egitasmo bizkorrenen artean kokatzen duen zifra.
Honela azaldu du Euskaltel Taldeko kontseilari delegatu Francisco Artechek, aurtengo “errekorreko Euskal Encounterra” goraipatuz: “Informatika bilkura hau Estatuko party azkarrena da, iazkoa baino %50 azkarragoa”. Era berean, parte-hartzaileen kantitateaz eta beteko diren zazpi futbol zelai adinako 50.600 metro koadroez harro agertu da.
Kontseilari delegatuak eskerrak eman dizkie asteetan zehar ekitaldiaren muntaian eta desmuntaian aritzen diren eta 26 urteko ibilbide luzearen ondoren “partyaren arima biziari eta gazteari” ohore egiten dioten boluntarioei. Azkenik, Artechek Euskaltel Konekta Fundazioaren helburua teknologia jendeari gerturatzea dela gogorarazi du, eta euskal konpainiak zibersegurtasunarekin eta ingurumenarekin duen konpromisoa berretsi du. Izan ere, uraren eta elektrizitatearen kontsumoa murrizte aldera neurriak hartu ditu enpresak aurten informatika topaketan.
Era berean, Cobanerak jakinarazi du Euskal Encounterren elkartutako komunitate digitalaren talentua “negozio ideietan eta proiektuetan” aplika dezaten espero duela, eta partyko hazitegian sortzen diren teknologia-arloko ekintzaileak animatu ditu erakundeetara informazio eta aholkularitza bila gerturatzera.
Atzerako kontaketa batek eman dio hasiera lau egunez eta hiru gauez etenik gabe garatuko den makrotopaketari. 49 probintziatik etorritako milaka parte-hartzaileek euren ordenagailuak elkar konektatu dituzte ezagutza-arlo anitzetan jarduteko: hardwarea, software librea, bideo-jokoak eta arte digitala.
Opengune handiena eta anitzena
Ordenagailu-postu finkoa duten partaideez eta eguneko pasea eskuratzen dutenez gain, gaurtik igandera bitartean milaka pertsonaren bisita espero da Opengunean, publikoari irekitako doako eremuan. Lehen aldiz, BECeko 3. pabiloi osoa hartuko du, ordenagailuen zonaren ondoan dagoen 15.000 metro koadroko espazioa.
Aurten Openguneak hartuko duen espazio zabala dela eta, inoiz baino jarduera gehiago eskainiko dira, baita berritasun ugari ere. Telesailen zaleek Netflix-eko stand ikusgarriarekin gozatu ahal izango dute. ‘Stranger Things’ telesail famatuan inspiratutako eszenatokietan argazkiak atera eta errealitate birtualeko esperientzia zirraragarri batez gozatzeko aukera izango dute. Informatika-produktuak eskuratzeko aukera ere badago, eta Etxanobe jatetxeko Fernando Canalesek esperientzia teknologiko-gastronomikoarekin harrituko ditu bertaratuak.
Bestalde, droneek garrantzia hartuko dute, eta iazkoa baino lasterketa-zirkuitu osoagoa izango dute elkarren aurka lehiatuko diren pilotuek. Aldi berean, Opengunera bertaratzen direnek diru-saritan 16.000 euro banatuko dituen Gamegune bideo-joko txapelketaren final handiaz gozatzeko aukera izango dute.