• Gaptain enpresako familiarteko segurtasun digitalean aditu Juanfran Ruiz Rodriguezek eta Rosa Perezek Euskal Encounterren azaldu dituzte haurrek eta gaztetxoek Interneten bizi dituzten arriskuak
• Gurasoek umeen online-jarduera kontrolatzea eta gainbegiratzea gomendatu dute hizlariek. Izan ere, familia asko ez dira teknologiaz arduratzen eta, ondorioz, ez dira konturatzen euren seme-alabek bizi duten arriskuaz. Zentzu horretan, 10 eta 15 urte bitarteko umeen %65k Internet helduen ikuskapenik gabe erabiltzen du
• Mugikorrarekiko menpekotasuna eta ziberjazarpena ere arazo larriak dira adingabeentzat. 18 urtetik beherakoen heren batek mugikorrarekiko adikzioa duela onartzen du, eta bullying kasuetatik, lautik bat teknologia berrien bitartez gauzatzen da
• 16 urtetik beherakoen %27k eduki sexualeko irudiak partekatu ditu sarean. ‘Sexting’ izeneko ohitura berri hau teknologia berrien erabilerak adingabeengan dakarren arriskuetako bat da
Sexting, grooming, sextorsioa… gailu mugikorren erabilera gero eta zabalduagoa dago adingabeen artean, eta horrek familia askorentzat oraindik ezezagunak diren arrisku ugari eragiten ditu. Familiarteko segurtasun digitalean aditu den Gaptain enpresaren helburua da “mundu errealean” haurrei erakusten dizkiegun hezkuntza eta gomendioak “mundu birtualera” zabaltzea. Honela azaltzen du Euskal Encounterren baitan larunbat goizean hitzaldi bat eskainiko duen Rosa Perezek: “Egunero gure seme-alaben eskua heldu eta semaforoa berdean pasatzeko jarraibideak ematen badizkiegu, zergatik uzten diegu gero Internet bakarrik erabiltzen?”
Bere Gaptaineko lankide Juanfran Ruiz Rodriguezek Openguneko hitzaldien eremuan mugikorren eta tableten erabilerak adingabeengan sortzen dituen arazoak aztertu ditu gaur goizean, eta Perezekin bat dator familiekin, irakasleekin zein haurrekin gai honekiko kontzientziazioan eta hezkuntzan lan egin behar dela. “Arriskuen susmoa dago baina ez dira benetan ezagutzen”, baieztatu du Ruizek, eta aurkeztu dituen datuak eta estatistikak oso kezkagarriak dira: “16 urtetik beherakoen %27k ‘sextinga’ praktikatu du gailu mugikorren bitartez”; hau da, ia lautik batek partekatu ditu eduki sexualeko irudiak tabletaren edo mugikorraren bitartez. Gainera, “%94,5k praktika arriskutsutzat jotzen badute ere, %44,5k maitasun jokoaren edo joko sexualaren parte bezala onartzen dute” ‘sextinga’.
Zifra hauen aurrean, konponbidea gazteen artean teknologiaren “erabilera arduratsua bultzatzean dago”. Gainera, eduki sexualeko irudien partekatzea larriagotu egin daiteke adingabearen sexu-xantaian oinarritutako ‘grooming’-ari edo ‘sextorsioa’-ri bidea emanez. “Helduek umeei eta adingabekoei sare sozialetako profil faltsuen bitartez eragindako jazarpenean datza eraso hau”, Perezen hitzetan, eta batzuetan, birtuala izatetik fisikoa izatera pasa daiteke heldua adingabekoarekin kontaktuan jartzea lortzen badu. Hori lortzeko, eduki sexualeko irudiak dituelako, helduak probetxu hartzen du irudi gehiago eskatzeko nahiz adingabekoarekin elkartzea eskatzeko.
Zentzu horretan, Rosa Perezek eskainitako datuen arabera, horrelako xantaia jasatearen arriskua uste baino handiagoa izan daiteke. Europar Batasuneko zifrek diotenez, “12 eta 18 urte bitarteko adingabeen %63k aitortzen du ezezagunekin kontaktuan jarri izana sarean, eta %46 elkartu da fisikoki ezezagun horrekin”.
Mugikorrarekiko menpekotasuna eta ziberbullyinga
Sexuarekin erlazionaturiko arazoez beste, Gaptain enpresako adituak gazteengan mugikorrarekiko menpekotasunak eta ziberjazarpenak duten garrantziaz ere aritu dira. “4 ordutik gorako erabilera adikziotzat jo badezakegu, adingabeen %33k bere burua menpekotzat jotzen du”, adierazi du Juanfran Ruizek. Adituaren ustez oso zabaldua dagoen eta adinekoei ere proportzio handian eragiten dien arazoa: bataz besteko teknologia erabiltzaileak mugikorra 5 aldiz desblokeatzen du egunean, eguneko batez besteko Interneteko erabilera 5 ordukoa da, pertsonen %40k ezin du ordu bete pasa mugikorra begiratu gabe, eta %50k ez du gidatzeari bukatzeraino itxaroten WhatsAppeko mezuak begiratzeko. Hori dela eta, Ruizek gure gailuen erabilera arduratsuaren bitartez haurren “eredu izatearen garrantzia” azpimarratu du.
Bestalde, eskola-jazarpena edo bullyinga ere teknologia berrietara zabaldu den arazo larria da. Izan ere, bullying kasuetan, lautik bat sareen bidez gauzatzen da. Gailu mugikorrek jazarpena errazten dute, eskolatik kanpo eta eguneko 24 orduetan gertatu baitaiteke. Rosa Perezek fenomeno horren garrantzia eta eraginak azpimarratu ditu, jazarpena jasaten duten adingabeen %30k pentsamendu suizidak izaten baitituzte. Gainera, kasuen %38 urte betez baino gehiago luzatzen da eta %75 isilean mantentzen da.
Arrisku horien eta Ruizek eta Perezek aipaturiko beste askoren aurrean, teknologia gailuetan instalatu daitezkeen kontrol-erreminten bitartez zein Internet erabiltzeko ordutegia edo araudia ezarriz gurasoek umeen online-jarduera gainbegiratzea gomendatu dute hizlariek. Horrez gain, familiak teknologiaz arduratu behar direla gogorazi dute, guraso asko ez baitira konturatzen euren seme-alabek bizi duten arriskuaz. “Mundu birtuala erreala da”, baieztatu du Perezek, eta 10 eta 15 urte bitarteko umeen %65k Internet helduen ikuskapenik gabe erabiltzea kezkagarria da, adituaren ustez.
Bi hitzaldi horiek, eta gaur eta bihar publikoari irekia eta doakoa den Opengunen emango diren beste hitzaldi eta tailer askok, aurtengo partyaren leloarekin bat egiten dute: ‘Security Awareness’. Zentzu horretan, atzoko inaugurazio ofizialean zibersegurtasunarekiko konpromisoa azpimarratu zuten antolatzaileek, Euskaltel Konekta Fundazioak, baita Euskalteleko eta Eusko Jaurlaritzako (SPRI) ordezkariek ere, Euskal Encounterren babesle gisa.