• Estatuko bideo-sortzaile ezagunenetako batzuk Openguneko hitzaldi gunean egon dira bertaratuei euren sorkuntza prozesuaren sekretuak azaltzen
• Xuri Fenton, ‘Destripando la historia’ Youtube kanaleko Rodrigo Septien eta Alvaro Pascual, eta ‘Quantum Fracture’ kanaleko Jose Luis Crespo plataformaren edukien inguruko mahai-inguruan egongo dira bihar
• Euskaltel Konekta Fundazioak antolaturiko eta Euskaltelek eta Eusko Jaurlaritzak SPRIren bitartez babestutako topaketa informatikoak bere bigarren eguna ospatzen du gaur, irekiak eta doakoak diren hitzaldi eta jarduera ugarirekin
Youtuberen hazkunde izugarriaren eta plataforman ematen ari diren aldaketen ondorioz, youtuber asko espezializatzeko beharrean ikusten dira bizirauteko. Honela azaldu dute Xuri Fenton, Rodrigo Septien, Alvaro Pascual eta Jose Luis Crespo milioika jarraitzaile dituzten bideo-sortzaileek Euskal Encounterren. Youtuberrak gaur eta bihar Barakaldoko BECen egongo dira euren lanaren nondik norakoa azaltzen nahiz Youtuberen edukiaren inguruan hausnarketa egiten.
Ehun milioi ikusle baino gehiago dituen ‘Destripando la historia’ Youtube kanaleko autore Rodrigo Septienek eta Alvaro Pascualek Googlek Youtube erosi zuenetik aldaketak nabari dituztela diote: “Plataformaren garapena handia izan da, baina sormenezko edukia indarra galduz joan da”, azaldu dute biek. “Moda bat dago muntaia azkarrekin eduki ikusgarriak sortzeko”, deskribatu dute.
8 urteko esperientzia eta 400.000 jarraitzaile dituen 24 urteko ilustratzaile eta modelo Xuri Fentonek edukiei buruzko iritziarekin bat dator, baina “plataformak funtzionamendu bikaina” duela dio. Hala ere, “bolaz betetako igerileku bat grabatzea erabaki dezakezu”, gaineratu du edukien gai anitzei eta kalitate eskasari erreferentzi eginez. Fentonen iritziz, nahiz eta plataformaz aldatzea pentsatu duen, pentsamendu hori “sortzaileen edo ikusleen nekeak eragiten du, ez plataformaren funtzionamenduak”.
Bestalde, Fisika Kosmologikoan aditu eta gaztelaniazko dibulgatzaile zientifiko garrantzitsuenetarikoa den Jose Luis Crespok dioenez, “jatorrizko Youtubea bokaziozko jendeak egindako bideoz beteta zegoen, pasioz beteriko jendeak egindako edukiak ziren”. Ekintza horren bidez dirua egitea posible dela ikusterakoan, “gaur egun badago plataforma ikertu eta ulertu ondoren, dirua irabazteko helburuarekin youtuber sartzen den jendea”. Crespok duela lau urte sortu zuen gaur egun 40 milioi bisita dituen Youtubeko ‘Quantum Fracture’ kanala.
Fentonen aburuz, plataforma hau “garatu eta profesionalizatu egin da”. Hasieran, “inork ez zekien dirua lortzeko gai izango ginela Youtuben”. Hala ere, ilustratzaileak oso panorama ezberdina marraztu du gaur egungo egoeraren inguruan: “Youtuben edukiak sortzen dituzten gazteek badakite zerk funtzionatuko duen eta zer den biralizatuko dena”. Nahiz eta ezagutza hori izan, lau youtuberrek “plataforma honetara igotako bideoez bizitzea zaila dela” azpimarratu dute. Crespok dio beste edozein lan bezalakoa dela: “Astero bideo bat igo nahi baduzu, egunero zortzi orduz egin behar duzu lan”.
Ezinbesteko espezializazioa
Arrakasta azkarraren eta kalitate txikiko edukien aurrean, lau youtuberrek bat egiten dute gaien eta edukien kalitatearen garrantzian, sortzaileentzat interesgarriak diren edukiekin. Fentonek hiru bideo mota sortzen ditu, bakoitza ikusle-mota ezberdin bati bideratuta. Baina “nahiz eta zer aurkituko duzun ez jakin, badakizu beti ondo landutako zerbait dela”, adierazi du bere sorkuntzen inguruan. Crespok bere ikusleak zehaztuagoak ditu zientziaren inguruko gaiak jorratzen dituelako. Youtuber honek animazioen bidez zientzia-dibulgazioaren inguruan sortzen den “monotonia apurtzea” du helburu, animazioak “ideia abstraktuak ulertzen laguntzen” baitute.
Rodrigo Septienen eta Alvaro Pascualen helburua da pertsonak “entretenitzea gauza berriez jabetzen diren bitartean”, eta Youtuben lortu dute hori, haien burua bereiziz historiaren ikuspuntu ezberdin batekin, marrazkien eta musikaren bidez. Alvaro eta Rodri, haien jarraitzaileak ezagutzen dituzten bezala, oso proiektu pertsonala martxan jartzera ausartu ziren: “gakoa da egiten duzuna zuretzat gustukoa izatea, ez behartua egitea”.