• Doakoa eta publikoari irekia den gunea BECaren hirugarren pabilioira zabaltzea apustu egokia izan da. Milaka pertsona pasa dira Openguneko 15.000 metro koadroko eremutik partyaren lehen bi egunetan
• Ikusle mordoa bildu zen atzo hitzaldien eremuan. Ehunka pertsona gerturatu ziren Opengunera sarean milioika jarraitzaile dituzten Jose Luis Crespo, Rodrigo Septien, Alvaro Pascual eta Xuri Fenton youtuberrak ikusi eta euren sekretuak ezagutzera
• Openguneari espazio handiagoa eskaintzea ekitaldiaren antolatzaile den Euskaltel Konekta Fundazioaren helburuarekin bat dator: Internet eta teknologia berriak zabaltzea eta gizarteratzea
• Euskadiko eSport txapelketa zaharrena den Gamegunek final handia ospatu zuen atzo Euskal Encounterren baitan, eta 16.000 euro banatu zituen irabazleen artean
Dibertsiorako eta ikasteko aproposa den giro ikusgarria, milaka pertsona eta 150 jarduera, txapelketa eta hitzaldi inguru burutzen ari dira ostegunetik igandera Bilbao Enhibition Centerren. Ekintzez betetako bi egunen ostean, Opengunea BECaren hirugarren pabilioira zabaltzea apostu egokia izan dela nabaria da. Doakoa eta publikoari irekia den eremura gerturatzen ari diren bisitarien kopurua aurreko partyetakoa baino handiagoa dela antzematen da, gune berriari esker seguruenik. Izan ere, inoiz baino jarduera gehiago antolatzea ahalbidetzen du 15.000 metro koadroko espazio berriak.
Gainera, eremu berriaren kokapenari esker, bisitariek 5.000 ordenagailu-postuak gertutik ikusi ditzakete. Partyan parte hartzen dutenek zein Barakaldotik, Bilbotik eta inguruko herrietatik datozenek aisialdi eta prestakuntza eskaintza zabala dute hainbat gaietan: bideo-jokoak, hardwarea, errealitate birtuala, droneak, eta hitzaldiak eta tailerrak, besteak beste.
Atzo, ostirala, aurtengo Euskal Encounterreko jarduera erakargarrienetakoa Openguneko hitzaldien eremuan gauzatu zen, eta Jose Luis Crespo, Rodrigo Septien, Alvaro Pascual eta Xuri Fenton youtuberrak izan zituen protagonista. Sarean milioika jarraitzaile dituzten bideo-sortzaileek ehunka ikusle bildu zituzten BECen, eta eurekin sortze prozesuaren sekretuak eta bakoitzaren ibilbide profesionalaren inguruko detaileak partekatu zituzten, baita hala eskatu zutenekin argazkiak atera ere. Gaur, arratsaldeko 17:00etan, Youtuberen edukien gaineko mahai-inguruan parte hartuko dute. Ondorioz, giro ikusgarria eta jendetsua aurreikusten da arratsalderako Opengunen.
Telesailak gogoko dituztenek oso momentu atseginak pasako dituzte Netflixek Opengunen ezarri duen postuan. Bertan, opari txiki bat jaso eta ‘Stranger Things’ telesail famatuaren lau dekoratuetan argazkiak aterako dituzte zaleek, pertsonaien bizipenak irudikatuz. Gainera, pelikulak eta telesailak eskaintzen dituen online plataforma estatubatuarrak telesail berean oinarritutako errealitate birtualeko esperientzia ekarri du Euskal Encounterrera, pertsona beldurtiei zuzendua ez badago ere. Wuautech asturiar enpresak ere ahaztezinak diren errealitate birtualeko esperientziak eskaintzen ditu. Betaurrekoak jantzi eta gailuak erabiltzen dituztenek dragoi baten gainean hegan egiteko, 3D-an dauden marrazkiak egin eta “barruan sartzeko” edo arroka batetik itsasora salto egiteko sentsazioa bizitzeko aukera izango dute.
Lasterketetan interesa dutenek ere euren lekua topatuko dute Opengunen, lehen aldiz ‘crawler’ izeneko irrati-kontrolarekin gidatutako auto handien zirkuitua ezarri baita aurten. Horrez gain, iaz lehen aldiz burututako droneen lasterketek zirkuitu berria dute. Atzo, lasterketen finaletan parte hartu zuten pilotuek abiadura izugarrian gidatu zituzten euren droneak.
Gamegunek final handia ospatu du
Atzoko jarduera erakargarrienetako bat Openguneren jokoen esparruan burutu zen. Gamegune, Euskadiko eSport txapelketa zaharrena, final handia jokatu zuen atzo Euskal Encounterren baitan. Parte-hartze arrakastatsuarekin eta kalitate bikainarekin norgehiagoketan, Clash Royale, CSGO, Hearthstone eta FIFA18 jokoetako lehiaketen irabazleak jakitera eman ziren. Azken fasean gainera, irabazleen artean 16.000 euro banatu dira diru-sarietan.
Honela, Gamegune gamer komunitatearen erreferente gisa sendotu da, Estatu osotik gerturatutako jokalariekin eta taldeekin, baita atzerritik gerturatutakoekin ere. Aurreko urteekin alderatuz, antolatzaileek eredua aldatzea erabaki dute helburu argi batekin: maila guztietako jokalarien lehia erraztea urtean zehar gauzatuko diren doako txapelketa ezberdinetan.
Hala ere, aurtengo Gameguneren egutegia ez da uztailean bukatuko, uda bukatzerakoan 19. edizioa gauzatzea aurreikusia baitago, berriro ere lau txapelketekin eta lau jokorekin. Finalak azaroan izango dira, eta guztira 32.000 euro banatuko dira sarietan.