• Bilboko Etxanobe jatetxeko sukaldari Fernando Canalesek esklusiboki Euskal Encounterrerako sortu duen esperientzia gastronomiko-teknologikoa aurkeztu du errealitate birtualaren hiru dimentsioei dastamena, usaimena eta testura gaineratuz. Sukaldari famatuak Opengunera gerturatzen direnei ahosabaian lehertzen den codium algekin sortutako esfera probatzera ematen die
• Errealitate birtualak leku garrantzitsua du partyaren hainbat espazioetan doakoa eta sarrera librekoa den Opengunera gerturatzen direnek teknologia horren azken berrikuntzez goza dezaten
• Netflixeko postuan bizi daitekeen ‘Stranger Things’ telesailean oinarritutako esperientziaz eta Odisea telebista kateak ezarritako demoez gain, publikoak dragoi baten gainean hegan egin ahalko du, eta arroka batetik itsasora salto egiteko gai izango da
“Errealitate birtuala zentzumen guztiak erne jartzen dituen motibazio-erreminta ikusgarria da eta geratzeko iritsi da”. Honela deskribatzen du teknologia hori Bilboko Etxanobe jatetxeko sukaldari Fernando Canalesek. Ostegunetik, Opengunera bertaratzen direnei doan eskaintzen die bere sorkuntza gastronomiko-teknologiko berria sukaldariak, errealitate birtualean dastamena, usaimena eta testura gaineratzeko helburuarekin, esperientzia bost zentzumenekin bizitzeko gai izan daitezen.
Kasu honetan, Canalesen sorkuntzak parte-hartzaileak Nojako hondartzara garraiatzen ditu 3D betaurrekoen irudien eta soinuen bitartez. Behin Kantabriako kostaldean daudela itsasoa ikusten eta entzuten, sukaldaria bera arduratzen da parte-hartzaileen ahoan koilara sartzeaz. Codium algekin sortutako esferak arrautzaren gorringoaren testura du eta ahoan lehertzen da itsasoaren zaporea eta usaia aho guztian zabalduz sudur-atzeko efektuari esker. Canalesen hitzetan, “itsasoaren benetako zaporearen estraktua” da, “zapore leherketa eta intentsitate zoragarriarekin”. Gastronomia japoniarrean oso baliotsua den alga hori Kantauriar kostan dugu eta “itsasoko arroken zaporea era ezin hobean sintetizatzen du”, azaldu du sukaldariak.
Esklusiboki Euskal Encounterrerako sortutako platerak teknologia horren aukerak zabaltzen ditu chefaren ustetan. Izan ere, errealitate birtualak bi edo hiru zentzumenez baliatzen da, esperientzia osoagoa eta errealagoa sortzeko gainontzeko zentzumenak gaineratzeko gai izan beharko lukeenean. Canalesen iritziz, bere sorkuntza errealitate birtualak sukaldaritzan izan ditzakeen aplikazioen adibide da. Sukaldariak berak Etxanobe jatetxean, 3D betaurrekoen bitartez, ‘mindfulness’ esperientziak eskaintzen dizkie mahaikideei postrea jan aurretik erlaxatu daitezen. “Esperientziak intentsuagoak bihurtzen dira eta bezeroari disfrutarazteko aukera askoz handiagoa da”, gaineratu du.
Errealitate birtuala eta aisialdia
Errealitate birtual areagotua ostalaritzaz gain sektore ugaritan ezartzen ari den teknologia da. Ospitaletik hasita, eskoletatik pasata, eta gizartearen babeserako eta erreskaterako zerbitzuetan lan egiten duten zerbitzuetaraino, gizartean duen erabilera oso ezberdina da. “Txina, Estatu Batuak eta Japonia teknologia honen garapenean eta erabileran lehenen postuan daude; Europa, Frantzia salbuespen, nahiko atzean geratu da”, dio Wuautech enpresako fundatzaile Nacho Junquerak. Asturiar enpresak, jokoen bitartez, teknologia honen bilakaera erakusten du Euskal Encounterren.
Joan den mendeko 70. hamarkadan errealitate birtualaren lehenengo pausuak eman zirenetik, teknologia honen bideak aurrera egin du. 90. hamarkadan garapen nabariak egin ondoren, teknologia hau ez zen zabaldu ekipoen prezio altuengatik baita irudien kalitate eskasagatik ere. Duela bost urte, telefono mugikorren kokapen-sistemen hobekuntzak eta laser teknologiaren garapenarekin, errealitate birtualean aurrera pausu nabarmenak eman ziren.
Wuautechek errealitate birtualaren bidez esperientzia ezberdinak eskaintzen ditu Opengunen, erabiltzaileak goza dezaten baina, bide batez, beste sentimenduak ere bizitzeko aukera izateko: beldurra eta bertigoa, adibidez, herensuge baten gainean hegan eginez edo itsasoaren erdian dagoen haitz batetik salto eginez. Netflixen postura hurbiltzen direnak ere izutzeko aukera dute, ‘Stranger Things’ telesailean oinarritutako errealitate birtualeko esperientziaren bitartez. Esku-argi batekin eta sakagailu birtual batekin, telesaileko protagonistaren logela esploratzeko aukera dute Euskal Encounterreko bisitariek; bertan, iluntasunean, ‘Demogorgon’ telesaileko munstroaren presentzia antzeman dezakete.
Badira errealitate birtualaren bidez berrikuntzaren alde egiten duten beste ikus-entzunezko kanalak. Odisea, adibidez, Euskal Encounterren dago 360 graduko dokumentalen alde egin duen apustua plazaratzeko. Formatu honekin ikusleak esperientzian gehiago murgiltzea dute helburu. Armadaren hegazkin bat sortzeko prozesua ulertzea, bertan hegaldi bat egitea, mendiak eskalatzea edota robot batzuei aurre egitea dira Opengunera hurbildu diren pertsonek errealitate birtualari esker bizi izan dituzten egoerak.
Odiseako programazioa Euskaltelen telebista kanalaren bidez, Euskaltel TVren bidez hain zuzen, ikus daiteke. Euskal telefonia enpresak partyaren antolatzailea da Euskaltel Konekta Fundazioaren bitartez, eta ekimenaren babeslea ere bada, Eusko Jaurlaritzarekin batera (SPRIren bidez). Euskaltelen teknologiari esker, topaketa informatiko hau Estatuko azkarrena da eta Europako bizkorrenen artean dago, 60 gigabit segundoko Internet konexioarekin.