Izaera soziala izan duen Euskal Encounterrak agur esaten du gaur lau egun frenetikoren ostean

• Euskadiko Odol Emaileen Elkartea lehen aldiz egon da euskal makroekitaldi informatikoan. 53 odol erauzketekin, esperientzia “oso arrakastatsua” izan dela nabarmendu dute, emaile berrien beharraren inguruan kontzientzia sortzea baitzen euren helburu nagusia

• Euskal Encounterreko 220 parte-hartzailek minbizia duten umeei zuzendutako 15 edukiontziren 3D inprimaketan kolaboratu dute

• Hitzaldiek eta tailerrek ere alderdi soziala azpimarratu dute, haurren eta adinekoen zibersegurtasunarekin zein LGTBI gaiekin erlazionaturiko hizketaldien bitartez

Izaera sozialeko eskaintza zabala eta Interneterako izugarrizko konexio-abiadura izan duten lau egun frenetikoren ostean, Euskal Encounterrak agur esaten du gaur. Aurtengo partyaren dimentsioaren adibide dira honako datuak: 50.600 metro koadroko espazioa eta segundoko 60 gigabiteko abiadura lortzeko, ekitaldiak 122 kilometro sare-kable, 65 kilometro elektrizitate-kable eta 11 kilometro zuntz optikozko kable behar izan dira. Gainera, 7.200 ordenagailu elkarren artean konektatzea ahalbidetzen duten 150 switch ere beharrezkoak izan dira.

Euskal topaketa teknologikoak hainbat ekimen solidario antolatu ditu aurtengoan, baita aspektu sozialak jorratzen zituzten hitzaldi eta tailerrak ere. Honela, Euskaltel Konekta Fundazioaren helburu nagusienetarikoarekin bat egitea lortu du partyak: Interneten eta teknologia berrien mundua zabaltzea eta gizarteratzea.

Zentzu horretan, Euskadiko Odol Emaileen Elkartea lehen aldiz Euskal Encounterren egon da. Odol Sustapenerako Bizkaiko arduradun Iñigo Salaverriak, esperientzia “oso arrakastatsua” izan dela nabarmendu du, emaile berrien beharraren inguruan kontzientzia sortzea baitzen elkartearen helburu nagusia. Ostiralean zehar, elkartearen autobus bat Opengunen egon zen eta 53 emaileei litro erdi inguru odol atera zien. 53 odol emaileetatik 34 berriak ziren, galdeketa sakona pasa ondoren. Alta berriak eta elkartearen baliabideak kontuan izanda, odol emaile kopuruak antolatzaileen aurreikuspenak gainditu ditu. Horregatik, baliabide tekniko gehiagorekin odol emateak sustatzea aztertuko da etorkizuneko edizioetara begira.

Salaverriak azaldu du “batez besteko odol emaileak 45 urte” dituela eta bere elkartearentzat adin hori jaistea lehentasuna dela. Gainera, “udan odol-emateak nabarmen gutxitzen dira, %30 eta %50 artean”. Horregatik guztiagatik, emaileen taldea berritzea ezinbestekoa dela azpimarratu du eta gazteei mezua helarazi nahi izan die: odol-ematea “guztion ardura da, guztiontzat” eta bizitzak salba ditzake.

Bestalde, Euskal Encounterreko 220 parte-hartzailek minbizia duten umeei zuzendutako 15 edukiontziren 3D inprimaketan kolaboratu dute. Super-heroien irudiak dituzten kutxa hauek inprimatzearen ideia duela bost urte sortu zen, Sao Paoloko ospitale batean, tratamendu onkologikoa jasotzen ari ziren umeentzat inguru erosoagoa sortzeko helburuarekin. Kutxak Batman edo Spiderman gisako super-heroien irudiekin estaltzeko ideia bururatu zitzaien, eta mundu osoan zabaldu zen. Estatuan proiektuaz arduratzen den pertsona eta elkarte talde bat dago. Guztira, kutxa bakoitza 3D-an inprimatzeko 20 ordu inguru behar dira. Euskal Encounterrek ospitale ezberdinetatik 22 eskaera jaso ditu.

 

Segurtasuna eta gizarte kontzientziazioa


Aldi berean, hitzaldi eta lantegien programak gizarte dimentsioa azpimarratzea bilatu du. Partyaren gai nagusia, ‘Security Awareness’, umeen eta adinduen segurtasun informatikoan sakontzeko aukera eman du. Familiarteko segurtasun digitalean espezializatuta dagoen Gaptain enpresako adituek helduen inplikazioaren garrantzia adierazi dute adingabeen teknologia berrien erabileran. Azaldu dutenez, “10 eta 15 urte bitarteko umeen %65 Internet erabiltzen du helduen ikuskapenik gabe”, eta egoera honek umeak babesik gabe uzten ditu.

Bestalde, EuskalHack Segurtasun Informatikoko Elkartea adinduen babesaren inguruan mintzatu zen. Segurtasun informatikoko adituek hiru oinarrizko aholku plazaratu zituzten: aplikazioak eta gailu originalak erostea; horiek eguneratuta egotea segurtasunari dagokionez; eta gailu modernoen aldeko apustua egitea. Zentzu horretan, azaldu zuten “pertsona adinduak, Internet erabiltzeko asmoa badute, ordenagailu edo telefono moderno bat erosi beharko lukete; zaharrena ematen badiegu, arriskutsuena emango diegulako”.

Arriskuen analisiaz gain, Internetek eta teknologia berriek gizartea eraldatzeko duten ahalmenaren inguruan hausnarketa egin da aurtengo edizioan. Lerro hau jarraituz, Opengunen LGBTI pertsonen inguruko gaiak jorratzen dituzten sortzaileen hitzaldiak bultzatu dira. Sophie Labelle komiki ilustratzaile kanadar famatuak sare sozialen garrantzia azaldu zuen bere web-komikiaren pertsonaia transexualen eguneroko bizipenak zabaltzeko. Alex Rodriguez ‘De Fobos y Deimos’ bideo-jokoaren sortzaileak formatu horrek jendea hezteko eta sentsibilizatzeko duen ahalmena goraipatu zuen: “Bideo-jokoak oso tresna erabilgarriak dira pertsonak sentsibilizatzeko, elkar lanera behartzen dutelako jendea”.

 

Antolatzailea

Euskaltel Konekta

Kudeatzailea:

Euskalamiga Elkartea

Ahotsa:

943-533696 (9:00-13:30 eta 15:30-19:30 CET, astelehenetik ostegunera eta 9:00-13:30 ostiraletan)

Faxa:

943-533697

IRC auzo ofizialak:

IRC-Hispano
#euskal
QuakeNet
#euskal

Edozein galdererako:

olatz@euskalencounter.org

Prentsa arduraduna:

Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 609 12 16 66
E-mail: press@euskalencounter.org

 

Lokalizazioa

twitter facebook flickr youtube instagram twitch